XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Torturatzeaz akusatu bi goardia zibil absolbitu egin dituzte

DONOSTIA

Torturak egiteaz akusaturiko Goardia Zibileko kapitain bat eta sarjentu bat absolbitu egin ditu Donostiako Entzutegiak.

Manuel Davo Soler eta David Gonzalez goardia zibilak, 1984. urtean Angel Perez Navarro zumaiarra Intxaurrondoko koartelean torturatzeaz akusatu zituzten.

Perez Navarro, ETAri laguntza eman zielakoan atxilotu zuten eta Manuel Davo, orduan teniente kargua zuena arduratu zen itaunketa horretaz.

Bi hilabeteko gartzela zigorra eta sei hilabeteko inhabilitazioa eskatu zuen fiskalak epaiketan bi goardia zibilentzat.

Akusazio partikularrak lau urte eta bi hilabetetako gartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu zuen.

Donostiako Entzutegiak bi akusatuak kargu guztietatik libre utzi ditu, atzo ezagutzera eman zen epaiak dioenez.

Antonio Gimenez Pericas epailea izan da epaimahaiko kideen erabakiarekin bat etorri ez den bakarra.

Epaiak dioenez, segurtasun neurriengatik jarri zitzaizkion kaputxa, boltsa, jertse edo betaurrekoak leku batetik bestera eramaterakoan.

Mediku batek Angel Perez Navarrori egin zion azterketaren berri ere ematen da epaian.

Azterketa honek zioen hematoma eta hemorragia interkonjuntibala gazteak.

Erabaki judizialaren arabera berriz, Perez Navarrok lan istripua izan zuen eta begietara erori zitzaion azidoarengatik korneak gorriturik izan ohi zituen.

Entzutegi Nazionalak eman duen epaiak esaten du Zumaiako gazteak kontraesanak azaldu zituela epaiketan deklaratzerakoan.